martes, 30 de diciembre de 2008

IRAKASGAIAREN INGURUKO HAUSNARKETA OROKORRA

Hasteko, onartu behar dugu ez garela oso iaioak teknologia berrien munduan. Unibertso arrotza da guretzat. Halere, tresna erabilgarritzat jotzen ditugu gaur egungo gizartean eta gainera, Bigarren Hezkuntzan aritzeko potentzial handia dute. Gazteak teknologia berrien gizartean jaio dira eta horretara ohituta daudenez gero, irakasleek ere behar berri horietara moldatzeko obligazio profesionala dute.

Bestalde, teknologia berrien erabilpena pizgarri garrantzitsua izan daiteke nerabeentzat: Mobilak, ordenagailuak… beraien egunerokotasunaren parte dira. Horrela, esaterako, nerabe bati nekezagoa egingo zaio anatomiako liburu mardul baten irakurketa ordenagailu baten aurrean joko didaktiko batekin esperimentatzea baino.

Klasean landutako tresnei dagokienez, bloga izan da orain artean (IGZ ikastaroa hasi aurretik) erabili dugun bakarra. Ondorioz, erabilterrazagoa izan da eta orokorrean uste dugu erabilpen gehien izan dezakeena dela. Norberaren lanak zintzilikatzeaz gain, gainontzeko ikaskideekin hartu-emana izateko aukera ematen baitu. Interneten igorle izateko aukera ematen du finean, eta hori oso motibagarria izan daiteke nerabeentzat (beren lanak interneten ikusi ahal izatea, adibidez).

Slideshare eta wikiak, ordea, orain arte ezezagunak ziren guretzat. Halere, erabilgarritasun handia ikusten diegu bi tresna horiei. Slidesharea, alde batetik, tresna egokia da hainbat dokumentu mota (power pointak, adibidez) internetera igo ahal izateko eta esaterako, blog batean zintzilikatu ahal izateko. Tresna osagarria da. Wikiak, bestetik, balio handiko tresna direla iruditzen zaigu, eta nerabeentzat are gehiago. Taldeko lanak egiterakoan edota informazio jakin bat amankomunean jartzean, adibidez, wikia funtsesko bihur daiteke beraientzat: informazioa erakutsi, erabakiak hartu eta eztabaidatzeko.

Irakasgaia bereziki aberasgarria izan da guretzat hasiera-hasieran aitortu dugun moduan ez dugulako, orain arte behintzat, 2.0-arekiko feeling berezirik sentitu. Lehen hurbilketa bat izan da, oparoa; beldurra galtzeko balio izan diguna. Aurrerantzean hasitako bideari jarraituko diogunaren esperantza dugu orain.

6. ARIKETA: JOKO DIDAKTIKOAK

HAUSNARKETA

Joko didaktikoen alderaketa planteatzen duen jarduera oso interesgarria iruditu zaigu, denen artean interesgarriena eta dibertigarriena, egia esateko.

Guretzat berria izan da joko didaktikoekin jolastea, guk gure ikasle garaian ez baikenituen horrelakoak erabili. Umeentzat oso egokiak iruditzen zaizkigu, edukiak garatzeko eta barneratzeko eta IKTak hezkuntzan sartzearen ondorio positiboetako bat joko hauek direla uste dugu. Honek ikasketa prozesuari laguntzen dio batez ere motibazioari (motibatu egiten ditu ikaslea).

Jokoak, gainera, anitzak dira, eduki ezberdinak garatzen dituzte. Alor eta funtzio ezberdinetarako erabil daitezke, norberak bere interesen arabera aukera dezan. Heziketa berezia behar duten umeentzat ere, esaterako, badaude joko bereziak. Finean, jokoak hartzaile anitzari egokitzen dira.

Ikastea dibertigarria (edo dibertigarriagoa behintzat) bihurtzen da, dagoeneko ez dute testuliburu astun bati begira jardun behar. Finean, eskola eta dibertsioa bateragarriak direla frogatzen dute joko didaktikoek.

Umeez gain gurasoek ere ikas dezakete beren seme-alabekin batera eta hauxe da alderdirik interesgarrienetako bat. Nahita edo nahigabe, gurasoak beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan integratzen dira, eurek ere parte hartuz eta irakaskuntza-ikaskuntza eremua zabalduz.

martes, 9 de diciembre de 2008

5. ARIKETA: KLASEKO ORDUEN BANAKETA

HAUSNARKETA

Ariketa honetan, bi zati bereiztu ditugu: lehenengoan, klaseko bost ordu guk nahi bezala banatu behar izan ditugu; bigarren zatian, aldiz, beste bi ordu banaketa ezberdin baloratzeko eta kritikatzeko aukera izan dugu.

Orduen banaketa aztertzerakoan, irakasgai batzuen balorazio eskasa nabarmendu nahiko genuke. Plastika eta musika moduko irakasgaiek besteekin konparatuz ordu-kopuru askoz gutxiago dituzte. Argi dago beste irakasgai batzuek, hala nola, matematika, gizarte-zientziak, hizkuntzak… praktikotasun gehiago dutela eta goi- edota erdi-mailako ikasketetan erabilera-eremua zabalagoa dutela.

Halere, irakasgai hauek gehiago baloratuz gero, agian etorkizuneko erabilera-eremu horretan toki handiagoa izango lukete. Aldiz, eskoletan ematen zaien trataera askotan ez zaigu oso serioa edota planifikatua iruditzen eta horrek ezinbestean baldintzatzen ditu irakasgai horiek eta baita irakasgai horiek gogoko dituzten ikasleak ere.

Ariketa burutzerakoan, hirurok karrera bera ikasteak tirabira gutxiago sortu ditu. Izan ere, gutxi gora-behera irakasgai antzerakoak jotzen ditugu “garrantzitsutzat” eta horrek ordu-banaketan iritzi antzerakoak izatera eraman gaitu. Arrazoitze guztiak dossierrean zehaztuta daudenez, ez ditugu hausnarketa honetan aipatuko.

Ariketa entretenigarria iruditu zaigu, nolabait ikastetxe bateko lankideen artean sortuko litzatekeen eztabaida bat irudikatu baitugu, irakasgai bakoitza uste dugun garrantziaren eta erabileraren arabera baloratuz eta ez norberaren gustuen arabera, orain arte “ikasle” ikuspegitik egin dugun bezalaxe.

4. ARIKETA: CURRICULUMA

HAUSNARKETA

Laugarren ariketa honetan, irakasleak curriculumaren inguruko sei galdera planteatu zituen:

- Nola dakit nik, irakasle bezala, zer landu behar dudan klasean?
- Zertan oinarritzen naiz zer eman behar dudan jakiteko?
- Nork erabakitzen du zer eman behar den klasean?
- Zentro guztietako edukiek berak izan behar al dute?
- Klasean eman beharrekoa prestatu behar al da?
- Ikasleek klasean ikasten duten guztia prestatu behar al da?

Askotan genuen entzunda “curriculumaren” kontzeptua baina ez genekien zehatz-mehatz zer zen. Horregatik, hasiera batean erdipurdiko erantzunak eman genizkien planteatutako galderei eta behin irakaslearekin eta klasekideekin amankomunean jarri ondoren, zertxobait gehiago ulertu genuen “curriculumaren” kontzeptu hori.

Ariketa honi esker, konkrezio mailen berri izan dugu (Madrilgo Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Ikastetxeak, irakasle bakoitza) eta baita curriculum ezberdinen berri ere (Curriculuma, Curriculum ezkutua eta Curriculum nulua).

Garrantzitsua iruditu zaigu, legeekin batera, Curriculumaren eraketa eta erabilera hori. Ikaskuntza prozesua modu egoki batean bideratzeko ezinbestekoa da irizpideak ondo markatuak izatea eta Curriculumak, azken finean, hori ahalbidetzen du.

Irakaslearen lanari dagokionez, argi geratu zaigu inprobisazioari ahalik eta tarte txikiena utzi behar zaiola eta eskola-orduak ongi prestatu behar direla. Halere, badaude zenbait aspektu preparatu ezinak direnak eta horiek ere garrantzitsuak dira, klaseko norabidea baldintzatuko baitute ezinbestean: ikasleen jokabidea, jarrerak… Azken honi Curriculum Ezkutua deitzen diogu eta aspektu horiek, irakasleak ezin ditu aurreikusi edo aurretik prestatuta eraman.

3. ARIKETA: HEZKUNTZA-SISTEMAKO LEGEAK (LGE, LOGSE, LOCE, LOE)

HAUSNARKETA

Hirugarren jarduera honetan, hezkuntza-sistema arautu izan duten legeak aztertu ditugu: LGE (1970), LOGSE (1990), LOCE (2002) eta, azkenik, LOE (2006).

Legeen arteko konparaketa egiteko, hainbat irizpide izan ditugu kontutan: hezkuntzaren antolamendua (zikloak, adin-tarteak…), edukien planteamendua eta erredakzioa, rol bakoitzaren betebeharrak (irakasle, ikasle…), IKTez egiten duten aipamena eta azkenik, legea indarrean egon zen garaiko testuinguru sozio-politikoa.

Legeak indibidualki hartuta, ezberdintasunak somatu ditugu. Alde batetik, LGE eta LOGSE legeak klasean gehiago landu ditugu eta horrek erraztu egin digu informazioa jasotzea eta irizpideak alderatzea. Aldiz, LOCE eta LOE legeen inguruko informazioa Internet bidez lortu behar izan dugu. LGE eta LOGSE legeen adibide bana landu dugu klasean eta LOCE eta LOE legeen adibiderik ez dugu izan. Ondorioz, lehen bien azterketa zehatzagoa eta sakonagoa egin dugula iruditu zaigu (irakaslearen rola nolakoa den, edukiak planteatzeko modua...).

Bestetik, LGE legetik LOGSE legerako aldaketa askoz nabariagoa izan da, LOGSE legetik LOCE edota LOE legeetara baino: ikasketa adina luzatzea, edukien planteamenduaren aldaketa (kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak) edota ikasketa ibilbidean aukera gehiago izatea. Horren ondorioz, alderaketa egitea askoz ere errazagoa suertatu zaigu, ebidenteagoa zelako alde hori. Aldiz, LOCE eta LOErako aldaketak murritzagoak dira ez dira hain begi-bistakoak.

Ariketa hau egiten sortu zaizkigun arazoei dagokienez, hasieran sortu zitzaigun lehena. Izan ere, legeak konparatzerako orduan ez geneukan oso argi ariketa nondik heldu eta zein irizpide erabili konparaketa egiterako orduan. Adinaren eta edukien planteamenduaren alderaketa bai, baina hortik aurrerako irizpideak topatzea zaila egin zaigu. Bestetik, informazio baliagarria aurkitzeko arazoak izan ditugu ere, edukia topatu bai baina bertan adierazitakoa sailkatzeko zalantzak izan ditugu (zer da garrantzitsua? Zein informazio da ariketarako erabili behar duguna?).

Legeen inguruan informazio asko ez izanak agian baldintzatu gaitu oraingo ariketan. Garrantzitsutzat jotzen dugu hezkuntza arautu izan duten legeak ezagutzea eta aztertzea baina gaia asko menderatzen ez dugunez, ez dugu ariketa behar bezala baloratu eta astuna egin zaigu aurrera eramatea.

jueves, 20 de noviembre de 2008

2. ARIKETA: TEKNOLOGIA BERRIAK ETA HEZKUNTZA




HAUSNARKETA

2. ariketa: Teknologia berriak eta hezkuntza

Informazioaren gizartean bizi gara. Behin eta berriz aipatu digute hori hainbat irakaslek karrera osoan zehar. Gizarteko laugarren boterea ere deitu diote askoek. Hots, botere betearazlea, legegilea eta judizialaren hurrengoa, hain zuzen ere. Noski, informazioarekin batera teknologia ere ongi lotzen da, eta ondorioz, informazio eta teknologiaren gizartean bizi garela esaten dutenekin erabat ados gaude.

Oso artikulu interesgarria iruditu zaigu Manuel Area Moreirak idatzitako hau. Izan ere, lehenbizi teknologiak gizartean suposatu duen indarraren gainean mintzatu da. Ondoren, hezkuntzaren arloan eragiten dituen alde onak eta txarrak ere azaltzen ditu modu erraz eta ulergarri batean. Azken hau gainera da, hain justu, guri interesatzen zaigun arloa.

Ariketaren zeregina zehazki, teknologiak hezkuntzaren alorrean suposatzen dituen alde on eta ez hain onak laburtzea izan da. Bestalde, garai berri honen aurrean hartu beharreko erronkak ere zehaztu behar izan ditugu.
Nahiko erraz burutu dugu lana. Izan ere, autoreak berak oso ongi zerrendatzen ditu arazo eta oztopo guztiak, baita etorkizuneko erronkak ere. Alde horretatik beraz, ez dugu inongo arazorik izan.

Eztabaida, edo hausnarketa hobe esan, ondoren etorri da. Izan ere, oso gai interesgarria eta aktualitatez josia iruditu zaigu. Denbora dezentean jardun gara gure usteak eta iritziak elkar ezagutaraziz. Areak planteatu dituen alde on eta arazoekin erabat ados gaude. Batez ere, analfabetismoaren kontzeptu “berriarekin” txunditu gara. Beno, txunditu ez da hitza. Aurretik jakinean gainean baikeunden analfabeto izateak egun hartu duen definizio berriarekin.
Teknologia berriak indar handiarekin sartu dira gizartean. Geraezinak dirudite gainera! Haurrak, eta gazteak zer esanik ez, ezin dira teknologia berriek eskaintzen dituzten bitartekorik gabe bizi. Ondorioz, gizarte guztia “modernizatu” egin behar izan da. Renovarse o morir esaten du esaera zahar batek eta egungo bizitzan hori erabat txertatuta dago. Gizarteko alor guztietan dago teknologiaren presentzia eta beraz, hezkuntzan ere pixkanaka sartzen ari da.

Gure ustez beharrezkoa da. Erraztu egiten ditu gauza asko, gehiago ikasi daiteke, informazio ona lortu daiteke, … hainbat abantaila ditu. Baina noski, beti bezala, ongi erabiltzen jakin behar da eta hor dago gakoa! Artikuluan argi eta garbi jartzen duen legez, gaur egun informazio asko lortu daiteke interneti esker baina horrek desinformaziora bultzatzen gaitu. Ez dakigu zer den garrantzitsua, zer interesgarria. Haatik, hezkuntzan hori lortu behar dute. Gazteek jakitea informazio egokia eta ona bereizten. Bere buruaren jabe izatea eta berak bakarrik ikasten lortzea, betiere irakaslearen laguntzarekin. Horregatik, pixkana baina pauso irmoz teknologiaren erabilera, alde on eta txarrak, … ezagutarazi eta azaldu egin behar zaio gizarteari (eta zer esanik ez, hezkuntzaren alorrean lan egiten dutenei). Izan ere, tresna erabilgarria da teknologia baina gaizki erabili ezkero ez dakigu zer gerta daitekeen …

martes, 4 de noviembre de 2008

Lehenengo ariketa

X. Etxagueren testua irakurtzea izan zen lehendabiziko ariketa honen abiapuntua. Konplikaziorik gabeko testu ulerterraza, lehen begiradan. Hala ere, ondoren azalduko dugun moduan, teorian erraz bereiz genitzakeen hainbat kontzeptu nahasgarriagoak gertatu zitzaizkigun praktikan. Edukiaz eta Jardueraren deskribapenaz ari gara.

3 jarduera pentsatu

Hirurok kazetaritzan lizentziatuak garenez, ez genuen desadostasunik izan gure alorrerako egoki izan zitezkeen hiru jarduera pentsatzerakoan. Hala, kazetaritzaren hiru zutabe nagusiak (irratia, prentsa idatzia eta telebista) jorratzea erabaki genuen. Guztietan, helburua sormenezkoa izango zen: 5 minutuko irratsaio bat osatzea, klaseko egunkaria sortzea eta kamera aurreko saio labur bat (stayman bat) egitea, alegia.

Ikasleak jardueren protagonista

Helburua sortzea zenez, hasieratik argi eduki genuen haurrek izan behar zutela protagonista. Irakaslearena, ordea, gidaritza- eta aholkularitza-lana izango zen. Jarduerak, oinarrian, praktikoak izango ziren baina aldez aurretiko prestakuntza teorikoa ere (ereduak entzun/irakurri/ikusi, genero ezberdinak bereiztu, sormena lantzeko ariketak egin… etab.) behar zutenez, jarduera bakoitzari bataz besteko 5 ordu eskaintzea erabaki genuen.

Ariketaren prozesua, adostasunak eta zalantzak

Lehenik, medio bat aukeratu zuen gutako bakoitzak (Izaskunek prentsa idatzia, telebista Maialenek eta irratia Igonek) eta hau lantzeko egoki gerta zitekeen jarduera hori bilatu. Halaxe banatu genuen lana. Asmoak taldean eztabaidatzea pentsatua genuen baina adostasuna erabatekoa izan zen hasieratik helburuei nahiz edukiei zegokionean.

Jarduera bakoitzari 5 ordu eskaintzea gehiegitxo izango ez ote zen zalantza genuen, ordea. Baina denboraren banaketa zehazteari ekin genionean jabetu ginen 5 ordu horien beharraz.
Taldearen banaketa izan zen beste eztabaidagaia. Taldeko lana sustatu nahi genuen baina telebistaren kasuan hori kakanaste hutsa ere izan zitekeela bagenekien.

Irratia: Ikasleak 4-5 laguneko taldetan arituko ziren eta talde bakoitzak 5 minutuko irratsaio bat osatuko zuen.


Prentsa idatzia: Ikasleak 4-5 laguneko taldetan arituko ziren eta talde bakoitzak egunkariaren atal bat landuko zuen.


Telebista: Ikasleak banaka arituko ziren. Bakoitzak testu labur bat prestatu eta kamera aurrean, mikrofonoa eskuan zuela, esan beharko zuen.


Bestalde, Edukiak eta Jardueraren deskribapena tarteetan idatzi beharrekoa bereiztea kosta zitzaigun. Apunteek argi zioten: Zer lehenengoan eta Nola bigarrengoan. Azkenean, alboko taldeari eta irakasleari galdetuta, lortu genuen diferentzia ulertzea. Landu nahi genuen hura zen edukia (sormena eta kazetariaren jarduna, azken batean) eta horretarako jarraituriko bidea jarduera.

Ondorioak
Uste baino denbora gehiago behar izan genuen lehenengo ariketa burutzeko; irakasleak utzitako tarteaz gain, beste ordubete ere eskaini baitiogu jarduerak planifikatzeari.
Baina merezi du, horixe da atera dugun ondorio nagusia. Neketsua izan arren, merezi du klaseak ongi prestatzea eta inprobisazioari ahalik eta tarte txikiena uztea. Ikasleek nabari dute eta.