martes, 4 de noviembre de 2008

Lehenengo ariketa

X. Etxagueren testua irakurtzea izan zen lehendabiziko ariketa honen abiapuntua. Konplikaziorik gabeko testu ulerterraza, lehen begiradan. Hala ere, ondoren azalduko dugun moduan, teorian erraz bereiz genitzakeen hainbat kontzeptu nahasgarriagoak gertatu zitzaizkigun praktikan. Edukiaz eta Jardueraren deskribapenaz ari gara.

3 jarduera pentsatu

Hirurok kazetaritzan lizentziatuak garenez, ez genuen desadostasunik izan gure alorrerako egoki izan zitezkeen hiru jarduera pentsatzerakoan. Hala, kazetaritzaren hiru zutabe nagusiak (irratia, prentsa idatzia eta telebista) jorratzea erabaki genuen. Guztietan, helburua sormenezkoa izango zen: 5 minutuko irratsaio bat osatzea, klaseko egunkaria sortzea eta kamera aurreko saio labur bat (stayman bat) egitea, alegia.

Ikasleak jardueren protagonista

Helburua sortzea zenez, hasieratik argi eduki genuen haurrek izan behar zutela protagonista. Irakaslearena, ordea, gidaritza- eta aholkularitza-lana izango zen. Jarduerak, oinarrian, praktikoak izango ziren baina aldez aurretiko prestakuntza teorikoa ere (ereduak entzun/irakurri/ikusi, genero ezberdinak bereiztu, sormena lantzeko ariketak egin… etab.) behar zutenez, jarduera bakoitzari bataz besteko 5 ordu eskaintzea erabaki genuen.

Ariketaren prozesua, adostasunak eta zalantzak

Lehenik, medio bat aukeratu zuen gutako bakoitzak (Izaskunek prentsa idatzia, telebista Maialenek eta irratia Igonek) eta hau lantzeko egoki gerta zitekeen jarduera hori bilatu. Halaxe banatu genuen lana. Asmoak taldean eztabaidatzea pentsatua genuen baina adostasuna erabatekoa izan zen hasieratik helburuei nahiz edukiei zegokionean.

Jarduera bakoitzari 5 ordu eskaintzea gehiegitxo izango ez ote zen zalantza genuen, ordea. Baina denboraren banaketa zehazteari ekin genionean jabetu ginen 5 ordu horien beharraz.
Taldearen banaketa izan zen beste eztabaidagaia. Taldeko lana sustatu nahi genuen baina telebistaren kasuan hori kakanaste hutsa ere izan zitekeela bagenekien.

Irratia: Ikasleak 4-5 laguneko taldetan arituko ziren eta talde bakoitzak 5 minutuko irratsaio bat osatuko zuen.


Prentsa idatzia: Ikasleak 4-5 laguneko taldetan arituko ziren eta talde bakoitzak egunkariaren atal bat landuko zuen.


Telebista: Ikasleak banaka arituko ziren. Bakoitzak testu labur bat prestatu eta kamera aurrean, mikrofonoa eskuan zuela, esan beharko zuen.


Bestalde, Edukiak eta Jardueraren deskribapena tarteetan idatzi beharrekoa bereiztea kosta zitzaigun. Apunteek argi zioten: Zer lehenengoan eta Nola bigarrengoan. Azkenean, alboko taldeari eta irakasleari galdetuta, lortu genuen diferentzia ulertzea. Landu nahi genuen hura zen edukia (sormena eta kazetariaren jarduna, azken batean) eta horretarako jarraituriko bidea jarduera.

Ondorioak
Uste baino denbora gehiago behar izan genuen lehenengo ariketa burutzeko; irakasleak utzitako tarteaz gain, beste ordubete ere eskaini baitiogu jarduerak planifikatzeari.
Baina merezi du, horixe da atera dugun ondorio nagusia. Neketsua izan arren, merezi du klaseak ongi prestatzea eta inprobisazioari ahalik eta tarte txikiena uztea. Ikasleek nabari dute eta.

1 comentario:

Lorea dijo...

Kaixo neskak! Zuzendutako lanaren inguruan bi gauza komentatu nahi dizkizuet. 1) Metodologia gehiago justifikatu behar da, hau da, egiten dugun guztiak arrazoi bat izan behar du. 2) Ebaluketa atalean irizpideak jarri dituzue eta ondo daude, baina ahaztu zaizue zer ebaluaketa egingo den zehaztea: azterketa, behaketa...Animo eta horrela jarraitu!!!!